Azken astean Atxondoko eskola komunitateak pausu “garrantzitsua” eman duela jakitera eman dute guraso elkarteko kideek. “Eskolarentzat zein herriarrentzat beharrezkoa den sukaldea eskatzeko prozesua martxan jarri dugu”, adierazi du Alex Azpiri Ikasleen Guraso Elkarteko kideak.
Aurreko asteko eskola kontseiluan hezkuntza sailari sukaldea eskatzea erabaki ostean, Atxondo Berton Bertokoa ekimenaren barruan dauden bederatzi eskolatik seigarrena izan daiteke sukaldea edukitzen. “Egun bost eskolek dute sukaldea, eta gu seigarrenak izan gaitezke”, jakitera eman du Azpirik. Irakasle, zuzendaritza talde, guraso eta udal ordezkariek aho batez onartu duten eskaria eskolako hormetatik haratago doan zerbait dela adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek. “Guretzat elikadura kultura da, eta bertako eta sasoiko produktuak kontsumitzeko lan egin behar dugu”, esan du Azpirik.
Iturriak: